miércoles, 23 de enero de 2013

Cinema falado

Urte hasiera likido honetan Bilboko FAS Zine-Klubak 60 urte betetzen ditu, eta efemeride borobil horrek komunikabideetan zarata ateratzeko ematen duen aitzakia eta ahoz ahozko zurrumurruen ondorioz, joan den astean Panahi-ren "This is not a film" ez-filma ikustera gerturatu ginen. Giro bitxia zegoen Fas Zine-Klubak Bilboko Indautxun duen aretoan eta nahiz eta ez-filma astunegia iruditu zitzaigun bertan egon ginen gehienei (kontzeptualegia agian), beti dago eztabaida interesgarriren bat Zine -Klubeko kide mitikoren batek edozein momentuan bota ahal duenagatik. Orain dela gutxi film bat aurkezten egon zen zinegile batek zioen esperientzia berezia dela FASen film bat aurkeztu eta jendeaurrean defendatzea. Kontuan izan Espainiako Zine-Klub zaharrena, Europako bigarren zaharrena... Kasta ezin zaio ukatu.

Ez-film iraniar baten bidez FAS Zine Kluba berriz bizi ondoren, aurreko ostiralean Donostiako Guardetxean film laburrren inguruko ekimen berri batean parte hartzera gonbidatu ninduten Katebegitik filma aurkezteko aitzakiarekin. Hilero gertuko film laburrak eta egileen aurkezpenekin programazio interesgarria prestatzen hasi dira Banda Batekoak: Guardetxean Motz. Oso gustora egon ginen eta esan behar dut proiekzioaren kalitateak positiboki harritu ninduela. Jaialdia eta areto desberdinetan zure lana proiektatua ikusteak trago txar asko ematen dizkizu, baina Guardetxean eskertzekoa da egin zuten ahalegina. 50 pertsona inguru gerturatu ziren gau hartan jausten ari zen euri zaparradatik ihesi, eta eztabaida interesgarria piztu zen. Kontuan izanda Motz ekimenaren lehen saioa zela, gertuko film laburren erakuslehio eta eztabaidarako apuntatzeko zita dela esango nuke. Ea luze mantentzen den ekimena.

Honekin guztiarekin lotuta, bihar bertan Donostian zinemaz berba egiteko beste aukera bat egongo da. Kaxilda liburudendan aurtengo Kimuak katalogoan dagoen "Casa vacía" film Oteizianoa aurkeztuko da ondoren eztabaida zabaltzeko. Zinemaz luze hitz egiteko aukerak hor daude.

Bi lagun zinefilok FAS Zine-Klubaren 60 urteak ospatzeko egindako karetak ikus daitezke sarean.

Careta conmemorativa del 60 aniversario del Cineclub FAS. from Unai Guerra on Vimeo.

Careta Cineclub FAS [60 aniversario] from filmotive on Vimeo.



No hay comentarios:

Publicar un comentario